Udako gau bero batean – Agus Perez

slide_La Noche Arabe

Dramaturgia eta zuzendaritza: Agurtzane Intxaurraga, Laia Ricart, Borja Ruiz. Antzezleak: Ramon Agirre, Ainhoa Aierbe, Ane Pikaza, Martxelo Rubio eta Kandido Uranga. ‘Beatboxer’-a: Iker Bergara. Lekua: Donostiako Gazteszena. Eguna:Martxoak 8.


Bueltaka dabiltza, udako gau bero batean, Gau arabiarra obrako bost pertsonaiak. Bueltaka hamar solairuko apartamentu-blokean, loti eder baten inguruan, elkarri segika, baina elkarrekin topo egin gabe gehienetan.

Roland Schimmelpfennigen (Alemania, 1967) Die arabische Nacht garaikidetasun betekoa da, bai pertsonaien tratamenduan bai egitura formalean. Egileak gizatasunaren azken apurren bila jartzen ditu pertsonaiak, mundu kaletar eta anonimo batean, eta gizarte modernoak paratutako tranpa arruntetan erorarazten ditu: igogailuan trabatuta geratzea, atezain automatikotik ezin komunikatzea, eskailerako bizilagunak arrotzak izatea, etxeko giltzak ahaztea… Gainera, pertsonaia isolatuen bakardadea azpimarratzeko, haietariko bakoitzak bere berbaldi solteak esan eta besteen hitzaldien artean txertatuko ditu, elkarren arteko dialogoak urriak eta labur-laburrak izanik.

Testu korapilatsu honi forma emateko Hika eta Kabia taldeak elkartu dira Bilboko Pabellon 6en babesarekin, eta zuzendari biek auzolanean jardun dute Laia Ricart katalanarekin, baina hainbeste bururen elkarlana aberasgarria suertatu da arlo askotan. Izan ere, testuaren ezaugarriak direla-eta, garrantzi handikoa zen eszenaratzeari kutsu oniriko nabarmena ematea, eta horretan bete-betean asmatu dute, elementu eszenikoen erabilera irudimentsua eta dramaturgia sormentsua kontuan izanda.

Eszena inguruko arloei begiratuta, zeregin eratzailea eduki du Xabier Lozanok argiekin guneak eta giroak definitzerakoan, eta, beste esparru batean, erabakigarria izan da Iker Bergarak bere ahots-efektu estonagarriekin sortutako soinu-paisaia.

Aktoreek, berriz, sendotasunez gorpuztu dute bakoitzari egokitu zaion pertsonaia, Arantxa Iturberen euskaratze naturalean eroso, eta ahoskera garbia erakutsiz entzuleen gozamenerako. Egia da testua nahasia suerta daitekeela egilearen intelektualtasun germaniarraren ondorioz, baina alderdi eszenikoen tratamendua eta aktoreek lan honekin ikasitakoa aurrerapauso bat izan daitezke publiko zabaleko euskal antzerkigintzan.


 

 

Deja un comentario

Tu email no se publicará. Campos obligatoríos marcados con *